“Gau ilunetan -zioen amonak- deabruak gizonen artean dabil”
Halako gaua zen hura. Ikatza baino ilunagoa. Ilargiak berak, zetorrena antzematean, ihes egin zuen. Izarrak ere, beldurturik, ez ziren agertu. Zerua zen, gau hartan, mihise beltzaran bat, laua, orbangabea.
Amonak arrazoia zeukan, deabruak infernutik atera eta gizakumeen artean ibili zen gau hartan. Mozorrorik gabe. Biluzik. Bere benetako izaera, zatarra bezain krudela, agerian. Maltzurren artean maltzurrena. Txarren artean txarrena. Gezurtien artean gezurtiena.
Edozein maltzurkeria asma genezake baina bera maila bat gainetik legoke beti.
Ez zen Muinondo herri handia. Apenas hamar bat baserri, mendietan sakabanatuak; enparantza, non igande eta asteazkenero merkatua jartzen zuten; hiruzpalau etxetxo; udaletxea, handiegia han bizi ziren lagunentzat; artxibo zein liburutegiren lanak egiten zituen eraikina; medikuaren kontsulta (beno, medikutzat izatea petrikilo hori, medikuei irain galanta botatzea zen); taberna eta frontoia, ezin falta!
Bailara batean kokatzen zen, mendien artean. Muinarte izen hobea legokeela esaten zuten bisitariak, Muinarte alboko herrixka zela jakin gabe! Jakintsuak diote, historiaren une batean, agian, izenak nahastu zirela, Muinondo Muinarte izango zitekeela eta aldrebes. Arrazoirik ez zitzaien falta, Muinondo muinoen artean kokatzen baitzen eta Muinarte muinoen ondoan. Baina ez da hau horri buruzko istorioa.
Esan dudanez, bailara batean kokatzen da gure herrixka bere ibaitxo gardenarekin eta guzti. Ez diogu kostaldeari jaramonik egin behar, haiek euren itsasoa izango dute, baina guk itsaso horiak ditugu, artoaz eta gariz betea. Udaberrian berdeak, udazkenean moreak, mitxoletaz loratuak. Pinudi bat ere bazegoen gertu. Leku idilikoa zen hori. Horrela ikusita, inork ez zuen espero deabruak berak hantze ibiliko zela. Baina ibiltzen zen, bai.
Gau hartan, ilargirik gabeko gau hartan, polizia-etxean agertu zitzaigun Mattin, urduri eta odoletan blai. Osen arnasten zuen, baina ez zen berarenak arnasketa arruntak, txakur baten marmarrak ziruditen. Belaunekoz erori zen, aurpegia eskuen artean ezkutatuz. Negar malkoak zorura erori zitzaizkion. Arrosak ziren, odolarekin nahasi baitziren.
Pernando eta biok altxa ginen bizkor. Bakarrik geunden ofizina hartan, eta gaueko ordu txikiak ziren mutikoa sartu zenean. Lagundu baino, Pernandok tiro bat eman nahi ziola iruditu zitzaidan, sustoagatik. Ziur nago, bakarrik egon balu, Mattin gixajoak ez zela handik osorik aterako.
Totelka hitz egiten hasi zen:
—Hi-hi-hil-hilda… hilda daude! Hilda daude!
—Nortzuk? —galdetu zuen Pernandok, urduri.
Hain txikiak diren herrietan guztiok elkarri ezagutzen diogu, arraroa da bat-batean hiketa bat ematea, gutxienez, aurretik ika-mika itzela egon barik.
—Nortzuk daude hilik? —berriro galdetu zuen Pernandok, ozenago, Mattin papar-hegaletatik altxatuz—. Nor hil dute?
—Amezketak! Amezketak hil dituzte! Sarraski bat izan da! —bota zuen Mattinek, negar-zotinka—. Abereak ikustera joan naiz, ze ardi bat erditzear daukate eta, klaro, ukuiluan zarata entzun dut eta uste nuen ardia zela, baina joan naizenean ikustera, ardia ondo zegoen. Lotan. Asi ke, nire txabolara bueltatu naiz, etxe handian argia ikusi dudanean. Orduagatik arraroa iruditu zait —horman zintzilik geneukan erlojua seinalatu zuen—, beranduegia zen hainbat argi piztuta izateko. Asi ke, zerbait gertatzekotan laguntzeko prest hurbildu naiz eta zera aurkitu dudana. Sarraskia!
—Deskribatu ahal diguzu ikusi duzuna —diot nik, idazteko makina aurrean eserita—. Mesedez, ez saltatu ezer ez. Ahalik eta zehatz eta garbi izaten saiatu, lagunduko bagaituzu oso.
Apenas nerabe bat zen, Mattin, Ameketen baserrian lan egiten hasiberria. Baietsi zidanean, herabe egin zuen, ni zigortzen duen aitatzat hartu baninduen. Hamar bat minutu eman zituen istorio guztia kontatzeko. Motel egin zuen, ez baitzuen xehetasun bat ere ez utzi nahi.
Pernandok begi-bazterretik begiratzen zuen, bere idazmahaitik. Ez zuen txintik ere esan, baina banekien ez zuela guztiz sinisten Mattinen kontaketa. Bazen Pernando oso mesfidatia, baina, mesfidantza hori zen polizia ona egiten zuena, beragatik ez bazen, nik pista eta xehetasun asko aintzat hartuko banituzke.
Mutikoak joan zenean, urbildu zitzaidan. Bermatu zuen, lehenengo, morroia ez zela bueltatzen, ezta ez zegoela entzuten esango zidana.
—Mesfidati halakoa! — trufa egin nion—. Hiri ez dizuk mamarrorik engainatuko!
—Joan zaitez pikutara! —erantzun zidan, belarriak gorri-gorriak zeuzkala.
—Zer duk? Ez duk mutikoa sinisten, ezta? Kabensotz, Pernando, ze ostia egingo du umemoko horrek! Utz itzazu zure krimenezko nobelak, mesedez arren, hau ez da Poirot-en edo Holmes-en abentura horretako bat. Kontzentra zaitez, eh! No me jodas.
—Xalbador, zu beti han azkarra, ezta? Ze ostia egiten du morroi bat ordu hauetan ohetik at?
—Ardia erditzear dago, ez duzu entzuten ala?
—Xalbador, Amezketak ez dute ardirik. Behiak, behiak dituzte! Ez duzu gogoratzen, duela hiru bat egun, baserrian egon ginela?
—Egia esanda… —arkatzarekin espainak jotzen ditut, keinu hori nire memoria esnatuko balu bezala—. Egia esanda ez, ez naiz oroitzen.
Pernandok eskua aurpegira eramaten du.
—Ez dakit nola polizia zaren! Ez dakit nork dauka zurekin halako sorra, zu emen egoteko.
Barre egiten diot bere buru-kolpeari. Barregarria de Pernando, benetan… nahi duenean.
—Berdin du. Altza zaitez, lana daukagu. Gau honetan, deabruak krimen bat burutu du eta gu gara azaldu behar dugunak.
—Deabruak? Amonak esaten zidan, holako gau ilunetan, deabruak gizonen artean zebilela —esaten dut, pittin bat beldurturik.
—Ba egia zuen zure atsoak, Xalba, eta orain erakutsiko dizut —kotxeko giltzak paretan geneukan kutxatik hartu eta bota zizkidan—. Benga, gaur zu gidatuko duzu.
Bidean ez genuen hitzik ere esan. Pernando bere munduan zegoen, beti bezala, nor izan ahal zen gaizkilea pentsatzen. Bere burmuina hiru mila bira minutuko baino gehiago ematen zituen egoera haietan. Kea ikusi zitekeen bere belarrietatik irteten batzuetan.
Ni, aldiz, urduri baino urduriago nengoen. Asko urduritzen ninduten horrelako gauzak. Ni, arrazoia zeukan Pernando, polizia nintzen alkateak nire amonaren lehengusua zelako. Nepotismo deitzen zen horregatik. Herrixkan, gertatu ahal zen gauzarik arriskutsuena, bi morroien arteko taberna liskar isolaturen bat zela uste nuen, baina, hiru urte igarota, gutxienez bi hilketa eta lapurreta bortitz batekin topo egin nuen.
Baina hori ez zen ezer ez, aurkitu genuenarekin konparatzean. Aurrekoak, mitxoleten arteko paseoa ziren aurkitu genuenaren alboan.
Hori ez zen hilketa arrunt bat. Hangoa kristonako sarraskia zen!
Sartu bezain pronto, odolaren kiratsak sudur-hobietan gogor eman zigun. Ez genuen pausorik eman beso bat ikusi genuenean. Beso bakartia. Ez zegoena gorputzarekin lotuta!
Aurrerago hanka bat.
Eskaileretan zintzilik eskua.
Odol ubidea jarraitu genuen sukalderantz. Pernando izan zen aurrea hartu zuena, nigatik izango bazen, buelta eman eta tabernan izango ginateke jada.
Hurbiltzen ginen heinean, kiratsa areagotzen zen. Ikusi genuena han, sukalde hartan, burmuinean grabatu zitzaidan. Gorpu zatikatuak. Begiratzen nuen tokitan, han zegoen gorpu atalaren bat, bananduta. Gainera, gorpuak hozkadez josita zeuden.
Gonbitoa ezin izan nuen saihetsi. Hantxe bertan, gorpuen artean, gosaria eta guzti bota nuen. Pernandok ez zidan jaramonik egin, hain zegoen kontzentratua ez nagoela ziur konturatu zelarik.
Piztia bat sartu eta sarraskia burutu zuela zirudien. Piztia itzela. Hartz bat edo. Edo hori esango nuke nik, baina ez Pernandok. Hura ez zen hain sineskorra, han ameslaria. Atetik sartu ginenetik, hertz guzti-guztiak behatu zituen. Ez zitzaion xehetasun bat pasatuko, ezinezkoa zen.
—Ikusi, Xalba! Hurbil zaitez, azkar —deitu ninduen, beso bat miatzen zuen bitartean—. Begiratu honantz. HAU! Hauek ez dira animalia baten koskak…
—Nola litzateke? Animalia baten koskak izan behar, ezta?
Biok elkarri begiratu genion. Ez nuen horren erantzuna jakin nahi. Maltzurkeria ikusi nuen bere irribarrean, eta distira begietan. Ez zen horrelako keinua ikusten nuen lehen aldia. Keinu handia zen, irabazleena, detektibe ospetsuak jartzen zuten keinu bera.
—Kanibal bat daukagu hemen, Xalbador —bota zuen, liluratuta—. Kanibal bat Muinondon!
Arimak gorputzetik ateratzen ikusi nuen une hartan. Hankak dardarka hasi zidaten. Mihia lehortu zitzaidan, hitzik esateko kapazitatea lapurtzen. Eta izerdi hotza, nire garondotik irristaka hasi zen. Bihotza, kolkoan taupada bortitzak ematetik bat-batean gelditzera heldu zen.
—Ka-ka- kanibal bat? Hemen? —totelka bota nuen—. Ez didak adarra jo, Pernando, koño!
—Ez dizut adarra jotzen ari, Xalbador, benetan nabil, kanibal bat daukagu hemen.
Ezer gehiago esan baino lehen, gure atzean hots bat entzun genuen. Kristal bat hautsi balitz bezalako hotsa. Pernandok pistola atera zuen, azkar. Cowboy bat izan zela beste bizitzan esaten nion horrelako egoera bizitzen genuen bakoitzean. Ez dut inork ikusi hain azkarra eta trebea pistolarekin.
—Nork hoa? Zeure burua azaldu! —agindu zuen, ahotsa altxatu gabe.
Mattin agertu zen orduan, urduri, atearen marko azpian. Ikusi bezain pronto, korrika hasi zen. Ez zigun ixtanterik eman galderak egiteko. Pernandok begiratu ninduen trufari, ez zuen hitzik behar nahi zidana esateko.
Arrazoia zuen, berriro ere.
Keinu batekin agindu zidan banatzeko. Nik Mattin jarraitu nuen, berak, bitartean beste bide bat hartuko zuen, aurretik ateratzeko. Ohiko matxarda mugimendua zen. Klasikoa. Pernandok oso klasikoa zen horretarako, Julio Cesar irakurri zuenetik estratega militartzat zuen bere burua.
—Gelditu! Gelditu! —oihukatu nion mutikoari, pistola ateratzen nuen bitartean.
Begi bistan zegoen, ez nuke zertan esan behar, Mattinek ni baino azkarragoa zela. Ez gazteagoa zelako, hori laguntzen zuen, bai, baina ez zen zergati nagusia, nire sasoi eza baizik. Korrikaldi labur bat egin bezain pronto, nire birikiak ahotik bota ahal nituen.
Harrapatu ez nuelakoan, ez nuen ideia hobeagorik izan, tiroka hastea baino. Ez morroiaren kontra, zerura. Abisu tiroak. Baina horrela ere ez zen gelditu. Etsita, biharamunean damutuko zitzaidala ziur nengoela, apuntatu nion pistolaren kanoia.
—Mozolo, nora zoaz? —Pernando, zuhamuxken artetik irten zen, piztia baten moduan, mutikoaren konta jausten.
—Utzidazue! Mesedez, utzidazue eta den dena azalduko dut.
—Bai, noski azalduko duzula, baina ez hemen, polizia-etxean. Guzti guztia azalduko diguzu. Zergatik hil dituzun Amezketak. Nola egin duzun…
—Ez naiz ni izan. Ez naiz ni izan.
—Orduan, nork izan da? Nork hil ditu Amezketak? Mutiko, ez egin azkarrena, huts egingo diozula eta. Esadazu dakizun guztia.
Mattinek ez zuen ezer esan, bakarrik gertu zegoen etxolatxo bat seinalatu zigun. Pernandok aurreratu zen, nik mutikoa zaintzen nuen bitartean. Bagenekien biok, nahiko baluke ihes egin ahal zuela, baina ez zuen jaramonik egin. Agian, Mattin gizajoak, norbaitek harrapatzea espero zuen, horrela, bere errua arindu ahalko luke.
—Kristo maitea! —garrasi egin zuen Pernandok—. Xalbador, etor zaitez, cagando hostias.
Kasu egin nion. Mattin bultzakadaz hurreratuz, biak etxolatxoaren aurrera iritsi ginen. Hura aurre egiten ez zuen arren, nik indar gehiegi egin nuen, lasterketagatik. Nire mendekua zen.
—Zer daukazu?
—Zer ez, nork? —erantzun zidan Pernandok—, edo zerk?
Burua sartu nuenean, nire bihotzak gelditu zen berriro. Deabrua ikusi nuen. Deabruak bueltan begiratu ninduen. Bi begi horiek nire ariman grabatuta daude oraindik. Begi horixkak, maltzurkeriaz gainezka. Eta hortzak, irregularrak, oraindik odolak bustitzen zituenak.
Zaunka egin zigun. Piztia zen horkoa berez. Pernandok pistolarekin apuntatu zionean, Mattin erdian sartu zen.
—Ez! Ez zauritu, mesedez! Ez egiozue minik! —negar malkoak begietan kolpatzen zitzaion, baina, benetako gizonen moduan, eutsi zizkien—. Ez, mesedez, nire aita da.
Pernandok begiratu ninduen, ezer esan gabe. Banekien egin behar nuena. Berak polizia hobea izango ahal zen, baina ni ere neure trebetasunak nituen. Mutikoa hartu eta lasaitzen saiatu nintzen, hitz leunak esaten. Banekien Pernandok egingo zuena, horregatik ahalik eta urrunen eraman nuen.
—Badakizu, mutiko, nire amonak esaten zuela deabruak, gaurkoa bezalako gau ilberrietan, ateratzen dela gizonen artean ibiltzera. Bai kondaira arraroa, eh!
Mattinek ez zuen ezer esan. Begi-bazterretik begiratzen zuen, noizbehinka, etxolarantz. Barruan zer gertatzen ari zen asmatzen saiatzen zen, banekien. Ni jarraitu nuen nire kontakizunekin, bere arreta harrapatzen saiatuz, baina ez nuen ezer lortu.
Bat-batean, hots idor bat entzun zen. Txorien kantuak azkar estali zuten, baina biok genekien zerk egin zuen zarata hori. Mattinek ez zuen ezertxo ere esan. Bi malko irristatu ziren bere masailetik. Ukabilak gogor itxi zituen, odola jariatu arte.
—Benga, joan gaitezen, mutiko, emen ez dugu ezer gehiago egiterik.
Kotxean zain zegoen Pernando. Berak ere ez zuen ezer esan, polizia-etxera heldu ginen arte. Ezta han ere ez. Mattin erietxean utzi nuen arte ez zidan tutik ere esan.
—Kriminal bat zen. Kriminal arriskutsua, Xalbador. Benetako deabrua. Etxola arakatu behar dugu, baina, nik ikusi dudanagatik, ez zen hiltzen zuen lehenengo aldia. Egin nezakeen hoberena egin dut, badakizu.
Ez nion ezer erantzun. Banekien. Arrazoia zeukan oso.
Amonak ezaten zuen deabruak gizonen artean dabilenean bi aukera ditugula, ihes egitea edo aurre egitea. Lehenengoek berriro biziko lukete, deabruarekin beste behin aurkitu luketen arren; bigarrenek, naiz eta hori beren azken eguna izan, deabrua akabatuko zuten, beste guztion bizitzak babesten.
Eta Pernandok, gau hartan, bigarren multzokoa zela egiaztatu zidan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario